1924an hartu zuen Iruñeak Nafar Gaiteroen Txapelketa Handia; XX. mende hasiera hartako Nafarroaren historia ttikian, une giltzarria izan zen gertakari hura. Lehiaketa hutsaz harago, txapelketa hori belaunaldien, errepertorioen eta gaitari soinu eginarazteko askotariko moldeen bilgunea izan zen. Egun hura itzal handikoa izan zen nafar gaitaren historiarako: musika-tresna balioetsi zuen; musikari-belaunaldi oso batengan eragina izan zuen, hamarkadak igarota, orduko gertakari hura oraindik gogoan zeukana; eta tresnaren eta gaita-musikaren garapenean ere zuzen-zuzenean jo zuen. Ehun urte geroago, erakusketa honek ondare hori jaso du, irudien, dokumentuen, partituren eta musika-tresnen bidez. Gaita denon soinu-memoriaren parte izan dadin lanean ari izan direnak ekarri nahi izan ditugu gogora, lehiaketaren aurreko garaietatik hasi eta gaur egun arte. |
Oro har, gauzak ez dira data jakin batean hasten; denboran zehar bilbatzen doaz, ia inork antzeman gabe. Gaita ere horren erakusgarri ona da. Lehiaketak eta txapelketak hasi baino askoz lehenago ere, hiri eta herrien bizitzak lagun zuen gaita-soinua, dantzetan, prozesioetan eta herri-ospakizunetan. Izan ere, 1716an, gaitaz, gitarraz, juglarez eta bestelako tresnez lagundutako dantzak legez arautzera iritsi ziren Nafarroako Gorteak, pizten zituzten nahas-mahasez eta gehiegikeriez kezkaturik. Dokumentuak berez mintzo dira. XVII eta XVIII. mendeetan, kontratuak, eskabideak araudiak eta bestelakoak ageri zaizkigu. Horien artean, bat bereziki aipagarria da, dugun lehen testigantza ezagunetarik baita. Migel Zudaireren kontratua da, 1672. urtean ehaile eta gaita-ikasle zebilena. Tenore hartan, gaiteroa izatea ez zen soilik tresna bat jotzea: ofizioa zen, familia- transmisioa, gizartearen egunerokoan presente egoteko molde bat. Eta horrek denak, emeki, tradizio bat eratu zuen, gaur egun ere ipar-orratz duguna. |
Nafarroako Gorteen 1716ko legea, juglarez, gaitez, gitarrez eta bestez lagundutako dantzak debekatuz.
1924koa ez zen lehiaketa bakarra izan. Lehenago, XIX. mendearen hondarrean, Iruñeak gaitero-txapelketak antolatzen zituen, hainbat lekutako eta estilotako musikariak bildu zituztenak. Ezagunena 1889koa dugu, zezen-plazan egin zena. Uneko gaitero ospetsuenetako batzuk bildu ziren egun hartara. Milatik gora sarrera saldu ziren, 0,25 pezetatan, eta publikoaren harrera ezinago beroa izan zen. Diruz hornitutako sariak banatu ziren eta, gastuak kenduta, irabazien soberakina –39 pezeta– Mekarentzat joan zen. Sarituen artean, bazen aurrerago ospe handia erdietsi zuenik, hala nola Nicolás Virto, Demetrio Romano eta Laureano Recalde. Lehiaketek ez zioten gaitari erabateko aitortza instituzionalik ekarri, baina keinu nabarmena izan ziren. Hazi bat. Txapelketa haren oihartzuna, eta musikarien zein ikusleen artean piztutako sentipena, hamarkada batzuen buruan etorri zen txapelketa handiaren aurrekari naturaltzat jo daiteke. Baina, oroz gainetik, argi erakusten du gaita zenbateraino zen orduko gizartearen parte, eta zein zen jendearen artean pizten zuen benetako interesa. |
1889ko lehiaketaren programa dakarren prentsa-ebakina.
1890ko lehiaketan saritutako ttunttuneroak eta gaiteroak.
1° Premio: Dn. Nicolas Virto
2°Premio: Dn. Demetrio Romano
3°Premio: Dn. Valeriano Vela
Garai baten sinbolo izan zirenen artean, gutxi romanotarren pare. Julián Romano bere garaiko gaitero eta musikari nafar handienetakoa izan zen. Haren semeak, Demetrio Romano Vidaurrek, ofizioa ezezik, herri-musikaren transmisioarekiko ardura ere jaso zuen aitarengandik. Demetriok bigarren saria eskuratu zuen 1889 eta 1890. urteetako txapelketetan. Gainera, lan erabakigarri bat ere egin zuen: aitaren askotariko errepertorioak eskuz bildu eta koadernoetan antolatu zituen. Kaier horiek dira gaitaren errepertorio klasikoaren oinarri nagusia Nafarroan, gaur egun ere. Pazientzia handiko lan zorrotz horri esker gorde ziren hainbat eta hainbat doinu tradizional, bestela naski galduak ziratekeenak. Ekarpen isila, nafar gaitaren errepertorio klasikoa gordetzeko funtsezkoa izan zena, alafede. |
Alfonso XII eta M.ª de las Mercedes Orleansen ezkontzako nafar ordezkaritza (1878). Bertaratuen artean, Julián Romano eta haren seme Demetrio, danborrarekin.
Urteen joan-etorrian, gero eta nahasiago zebilen gizarte batean, adierazpen artistikoak nazionalismo musikal zeritzona islatzen hasiak ziren –norbere adierazpide eta musika tradizionalen bidez, herri bakoitzaren kultur identitatea indartzea xede zuen korrontea–, eta halaxe ailegatu zen 1924. urtea. Urte hartan, Aste Santu betean, Iruñeko Udalak Nafar Gaiteroen Txapelketa antolatu zuen besteak beste, eta prentsan iragarri. Deialdi hura ederki heldu zen eta ongi pentsatua zegoen musika-tresna berpizteko, musikari gehienak ordurako adinez aski gora ziren eta. Txapelketak bikain erantzun zion orduko errealitateari, eta unekotik haragoko eragina izan zuen: hainbat hamarkadatan gogoratu zen, bai parte hartu zutenen artean, bai ondoren etorri zirenen artean ere. Horrenbesteko izaera erdietsi zuen ezen, gaur egun, ehun urte geroago ere, oroitzapenik merezi baitu. Dudarik gabe, ongi bideratutako ekimen baliotsua izan zen; gaitari eta gaitero-ofizioari bulkada emateko apostu irmoa, ohiturak aldatzen eta espazio publikoa transformatzen hasiak ziren garaian. |
1924ko lehiaketa musika-erakustaldi hutsa baino gehiago izan zen: deialdia formala, egituratua eta arretaz antolatutakoa izan zen, tradizioa, irizpide egokiak eta instituzioen nahikundea batu zituena. Lehiaketak oinarri xeheak zituen, parte hartzeko irizpideak, sari-sistema eta proben garapena zehazten zituztenak. Nahitaezko obra bat interpretatu behar zen, baita aukera askekoak ere, eta horrek bai teknika bai gaitero bakoitzaren nortasun musikala baloratzeko aukera ematen zuen. Sailkapenak, ordainketak, akta ofizialak eta zozketa bidezko parte-hartze ordena aurreikusi ziren. Parte-hartzaileak Nafarroako hainbat lekutatik etorri ziren, nork bere errepertorioa, estiloa, eta gaitari soinu eginarazteko moldea zekarrela. Aniztasun hori ere lehiaketaren aberasgarri suertatu zen. |
Epaimahaia, Alberto Huarte buru zuela, hiriko kultur eta musika-giroko sona handiko kideek eratu zuten: Santos Laspiur, Udal Musika- Akademiako zuzendaria; Remigio Múgica, Iruñeko Orfeoiko zuzendaria; Julián Sánchez Mayoral, Amerika Erregimentuko Bandako zuzendaria; Nestor Martín, Konstituzioaren Bandaren zuzendaria; Valentín Fernández, Musika-Akademiako irakaslea eta Silvanio Cervantes, «La Pamplonesa» Musika-Bandako zuzendaria. Lehiaketaren eguna arretaz zaindu zen. Gaiteroak Huarte eskola zenean bildu ziren, Karrika Nagusian, eta, handik, Gayarre Antzokira joan ziren, nor bere txandaren zain egotera. Joaldiak Gazteluko Plazako kioskoan izan ziren, entzule frankoren aurrean, eta epaimahaia ere han zela. Dena ordenaz, formaltasunez, eta instituzioen jarraipenaz egin zen. |
1924ko lehiaketan jo ziren piezen artean, obra berezi bat nabarmendu zen: Fantasía Navarra, «La Pamplonesa» Musika-Bandako zuzendari Silvanio Cervantesek txapelketarako berariaz ondua. Nahitaez interpretatu beharreko obra izan zen, parte-hartzaileen maila neurtzeko idatzia, eta elementu tradizionalak eta landuagoak ziren musika-formak uztartu zituen. Obraren maila tekniko eta estetikoak zedarri bat ezarri zuen: ordu hartan ez zen pieza erraza suertatu eta gaur egun ere ez da aise jotzekoa. Egiazko erronka izan zen, baita tradizioaren eta berrikuntzaren elkargunea ere. Uneko prentsak lanaren kalitatea goraipatu zuen, «konposizio ederra» zela esanez; «osoki nafarra». Cervantesek inspirazio musikala, batetik, eta, bestetik, musika-tresnaren eta gaiteroen benetako ahalmenaren ezagutza sakona lotzen jakin zuen. Denbora joan ahala, Fantasía Navarra nafar errepertorioaren erreferentzia bilakatu da. Lehiaketarako konposatutako lana izateaz harago, berezko izaera duen obra dugu. Mendeurren honetan, berriz entzun ahal izan da, gaita eta bandarendako moldaturik oraingoan, lehiaketan izan zuen garrantzia gogora ekartzeko, eta, batez ere, duen balio historiko eta musikala aitortzeko asmoz. |
Lehiaketa hartatik gorde diren testigantza grafikoak bakanak dira. Ikonikoena, dudarik gabe, parte-hartzaileen argazkia da, kasu honetan, mendeurrenaren kariaz koloreztatua. Irudia 1924ko apirilaren 21ean egin zen, Huarte etxearen patioan, Karrika Nagusian. Ondoren, handik abiatu ziren parte-hartzaileak Gayarre Antzokira eta Gazteluko Plazara. Irudiaren azterketa zehatzetik, gaitak eta gaiteroek orduan zuten egoeraren berri baliagarria atera daiteke. |
1924ko lehiaketaren parte-hartzaileen argazki koloreztatua, Karrika Nagusiko Huarte etxeko patioan egina.
Lehiaketa sari-banaketarekin eta aktan jasotako sailkapen ofizialarekin burutu zen. Nahitaezko obraren eta errepertorio librearen interpretazioa aintzat hartu zen, eta banakako eta binakako merezimenduak aitortu ziren. Bakarlarien kategorian, lehen saria hutsik gelditu zen. Bigarren saria Vianako Julián Matutek eskuratu zuen, 68 urtekoa bera: ohorezko diploma eta 50 pezeta egokitu zitzaizkion. Iruñeko Luis Mondéjarrek ere ohorezko aipamena jaso zuen. Matute hogei urte luzez joana zen Iruñeko festetan jotzera, maizenik Nicolás García bikote eta lagun zuela. Haatik, Garcíak ezin izan zuen lehiaketan parte hartu, ez baitzuten nafar biztanletzat jo, nahiz eta hiriarekiko lotura estua izan eta musika-ibilbide aberatsa egin, gaur egun oraindik hor dirauena. Binakako kategorian, bi lehen sari banatu ziren: Iruñeko Jesús eta Cesáreo Lumbrerasi bat (Alfredo Lumbreras danbor-jotzaile), eta Lizarrako Evaristo eta José Pérezi bestea (Eugenio Pérez danbor-jotzaile). Bigarren saria Moisés eta Edilberto Elizagarentzat izan zen, Lizarrakoak horiek ere, eta ohorezko aipamena egin zitzaien Etxarri Aranazko Rafael eta Fermín Carasatorreri (Daniel Carasatorre danbor-jotzaile). Kronikek diotenez, ilunabarrean, saritutako gaiteroek hiriko karrikak kurritu zituzten, eta, baten baino gehiagoren esanetan, sanferminen usaina zerion festa-giro hari. Publikoak gogotsu erantzun zuen, eta prensak zabal jaso zuen gertakariaren berri. |
Epaimahaiaren, parte-hartzaileen eta bertaratutakoen argazkiak, eta lehiaketaren kronika, Diario de Navarran.
Emaitzaz eta sariez harago, lehiaketak aztarna sakona utzi zuen. Gaita ikusarazteko balio izan zuen, Nafarroako hinbat tokitako musikariak biltzeko ere bai, baita askotariko estiloak, errepertorio ezberdinak eta musika-tresna jotzeko molde pertsonalak balioesteko ere. Zeinahi lehiaketatan ohi bezala, eztabaidak, kontrako iritziak eta parte-hartzaileen arteko desadostasunak ere izan ziren. Ekitaldi bizia zen aldetik, zenbait ikuspegitatik begiratu zitzaion. Denborak aurrera egin ahala, parte hartu zutenetako askok harro gogoratzen zuten egun hura, baina nor bere ñabardurekin. Eugenio Pérezek, txapeldunetako batek, zenbait urte geroago aitortu zuenez, jotzaile guztiek ez zuten gutxieneko maila eman. Eta Felipe Indurainek 1979an zioenez, «orain lehen baino askoz hobeki jotzen da». Lehiaketa hark erreferentzia iraunkorra ezarri zuen. Gaitak, gorabeherak gorabehera, bere bidea egin zuen, baina egun hura iltzaturik gelditu zen bizi izan zutenen memorian, baita, urte batzuk geroago, musika-tresna horretara inguratu eta jotzaile berri gisa hasi zirenen gogoan ere. |
1924ko lehiaketaren ondotik, gaitak, Iruñean, festei eta herri-ekitaldiei loturik eutsi zion, batik bat. Are gehiago, parte-hartzaile batzuek txapelketaren oihartzuna aprobetxatu zuten, hiriko Udalari beren zerbitzuak eskaintzeko. Nolanahi ere, denbora joan ahala, jarraikortasunean eta belaunaldi aldaketan hutsunea nabaritzen hasi zen. 1942an, Udalak gaitero berrientzako irakaskuntza bulkatu zuen, «La Pamplonesa» Musika-Bandako musikarien eskutan paratutako akademia baten bidez. Xedea gardena zen: interprete berriak heztea eta musika-tresnaren jarraikortasuna lotzea. Sarbide-probak antolatu ziren, formakuntzari ekin zitzaion eta bi Udal gaitero-banda sortu, urte batzuk geroago bakarra gelditu bazen ere. Jesús Mondéjar izan zen, eginahal bereziz eta konpromisoz, banda hari bizirik eutsi ziona, 1958an hil zen arte. Saiakera instituzional hark irakaskuntzarako azpiegitura irmoen faltarekin eta ekimen pribatuaren babes ezarekin talka egin zuen. Testuinguru hartan, gaitak aurrera egin zuen, baina biziraupena ziurtatzeko behar zuen irakaskuntza-sistema egonkorrik gabe. Borondatea izan bazen, baina baliabideak eta baldintza egokiak falta ziren, gerraondoak eta kultura- eta formakuntza-urritasunak markatutako sasoi hartan. Dena den, garai hark ere arrastoa utzi zuen eta aurrekari garrantzitsu bat agerian utzi: irakaskuntzaren aldeko apustuaren beharra, musika-tresnaren etorkizuna ziurtatu nahi bazen… edo bada. |
Jesús Mondéjar Cruz
XX. mendearen zati handi batean, gaitak gainbehera motela bizi izan zuen. Jotzaileak falta ziren, errepertorioak galtzen ari ziren eta tresnak ekoizteko lanabes tradizionalak aurkitzea gero eta zailagoa zen. Belaunaldi-aldaketa ez zegoen beti ziurtaturik, eta gizarte- eta musika-giroa agudo aldatzen ari zen. Musika-tresna bizirik zegoen zenbait festatan, baina tokia galtzen ari zen, eta jarraikortasuna unean uneko esfortzu jakinen mende zegoen; ez zuen transmisio egonkor bat oinarrian. Hala eta guztiz ere, musikari eta familia batzuek garrari eutsi zioten, behin-betiko itzal ez zedin. Horien guztien artean, Eugenio Pérez «el Zapaterico» bereziki nabarmendu zen, garai hartako erreferentziazko musikaria izan baitzen, dudarik gabe. Erabateko musika-giroan hezi zen –aita Demetrio Romanoren kidea izan zen urte luzez–: Demetrio beraren eta «Pico de Ángel» ezizenez ezaguna zen Julián Romano bezalakoen soinu-ondarea jaso zuen eta horien koadernoen bidez transmititutako errepertorioetatik edan zuen. Eugenio Pérez biolin-jotzailea, saxofoi- jotzailea eta jazzaren maitalea zen, eta gaitari ikuspegi pertsonala, zorrotza eta modernoa ekarri zion. 40ko hamarkadan jadanik, Donostiara joan ondoren, giro musikal berriak ezagutu izanak mihi bikoitzaren arkitektura nabarmen hobetzen lagundu zion eta horri mugarria izan zen nafar gaitaren bilakaera teknikoan. Jasotako herentziaren eta eragin berriei ateak irekitzearen arteko oreka zailaren isla da Eugenio Pérez. Horretaz gain, ziurgabetasun handiko uneetan aurrera egiten jakin zuenik ere izan zela erakusten digu. |
Eugenio Pérez (aita), José Pérez eta Eugenio Pérez (semea).
XX. mende erditsuan, nafar gaitaren soinuari eusteko nahikundeak zenbait ekimen gogoangarriri bide eman zien. Horien guztien artean dugu Lizarrako Udaleko idazkari eta hiriko kultur ondarearen babesle zen Francisco Beruete Callejak sustatutako grabaketa. Bere lekutik, eta irakaskuntza-sistema egonkorra martxan paratzeko ezintasunean, Beruetek erabaki pertsonal, jakintsu, pragmatiko eta erabakigarria hartu zuen: disko bat grabatzea, bere sasoiko gaiteroen soinua eta estiloa jasota uzteko. Lizarrako gaiteroak ziren Montero anaiekin batera egin zuen lan hori, eta hura dugu, hain zuzen, nafar gaitari oso-osorik eskainitako lehen diskoetatik bat. Zorionez, Lizarrako gaiteroak ordura arte egon zenaren oinordeko zuzenak izan ziren eta 60ko hamarkadaren erdira arte musika-tresnari eutsi zioten. Orduan, urte zailak iragan ondoren, nafar gaitaren berreskuratzeari lotu zitzaizkion hainbat ekimen sortzen hasi ziren. 1968an urrats garrantzitsua egin zen, gaita-modelo berri bat agertu baitzen, musika-tresnari ikuspegi berritzaile batetik begiratzen hasi zitzaizkion batzuen lanari, behaketari eta konpromisoari esker. Geroxeago, 1975ean, gaitak bizitza kulturalean berriz leku aktiboa izan zezan, udal gaitero- banda berriz sortu zen, inguruarekiko eta errepertorio tradizionalarekiko atxikimendua zuten musikariz hornitua. Urratsok ez ziren egitura azkarretatik edo proiektu instituzional handinahietatik abiatu, beren lurraldeko musikari eusteko apustua egin zuten zenbait pertsonaren lan setatsu eta apaletik baizik.
|
Ehun urte igarota, 1924ko txapelketa hura erreferentziazkoa da nafar gaita bizirik mantentzen duten horientzat. Haren oroigarriak balio izan du ikerlanak, musika-berrargitalpenak eta errepertorioaren interpretazio berriak sustatzeko. Erakusketa hau oroitzapen horren parte da. Orobat dira mendeurrenaren kariaz antolatutako jarduerak: kontzertuak, argitalpenak, grabaketak eta elkarretaratzeak. Horiek denek, omenaldi hutsetik harago, tradizioaren eta orainaren arteko esteka indartzen dute. Lehiaketa haren oihartzuna entzungarria da oraindik ere, eta aurrera so egitera bulkatzen gaitu, nondik heldu garen atzendu gabe. |
Lehiaketaren mendeurrenaren argazki oroigarria (2024).
Gaitaren soinuak mendeak, eraldaketak eta isiluneak zeharkatu ditu. Gaur egun presente dago, duen balio kultural eta sozialean sinesten duten musikarien, eraikitzaileen, irakasleen eta kolektiboen lanari esker. Etorkizunari begira, irakasten, jotzen eta partekatzen jarraitu behar da, baina apustu irmoa ere behar da: tresnaren irakaskuntza akademietan eta musika-eskoletan txertatu behar da, belaunaldi berriek eskuragarri izanen dutela ziurtatzeko. 1924ko lehiaketak orduan iradoki zuen bezala, musika-tresna zaintzea eta jarraikortasuna indartzea oinarrizko zereginak dira, gaur egun ere. Baina etorkizun hori ez dago musikariengan soilik. Instituzioen konpromisoa behar du, udalen laguntza, baita karriketan eta plazetan gaitaren soinua kulturaren parte baliotsua dela ikusten dutenen konplizitatea ere. Halaber, izan bedi erakusketa hau biharko jotzaileekiko konpromiso-keinua ere: 25 urte barru lehiaketa haren balioa eta orain arte egindako bidea presente edukiko duten horiekikoa, haiei egokituko baitzaie bide hori egiten jarraitzea. |
Iruñeko Gaiteroen eta <<La Pamplonesa>> Musika Bandaren kontzertua Gayarre Antzokian, 1924ko lehiaketaren oroigarri (2024).
Agradecimientos Eskerrak honakoei
Archivo Municipal de Pamplona Iruñeko Udal Artxiboa
Archivo Real y General de Navarra Nafarroako Errege Artxibo Nagusia
Diario de Navarra
Dokuzain
Mikel Legaristi